Sarrera

Hil ala biziko arazoa da minbizia, seguru aski hiru gizonetatik batek eta lau emakumetatik batek nozituko dutelako beren bizian zehar.

Egia da sendatze-tasak eta biziraupenari buruzko datu globalak gero eta sendoagoak eta esanguratsuagoak direla, baina hori bezain egia da, halaber, kasu guztien kopurua eta tumorearen intzidentzia-tasak ere igotzen ari direla pixkanaka. Hori, noski, biztanleriaren zahartze-prozesuaren ondorioa da neurri batean (minbiziaren maiztasuna igo egiten da adinarekin), baina horrek ez gaitu arazoaren benetako intzidentzia esplika dezaketen beste kausa batzuk (arrisku-faktoreekiko esposizio-denbora handiagoa, kasu) baztertzera eraman behar.

Onkologikoa eraikina

Azaltzen diren kasu berriei dagokionez, prostata, birika, kolon eta maskuriko minbiziak dira, gizonezkoen artean, gure inguruan eraginik handiena duten tumoreak. Emakumeen artean, berriz, bularreko minbizia da, alde handiarekin, gehien azaltzen dena, eta kolon-ondesteko tumore digestiboak eta ginekologikoak ondoren.

Oro har (bi sexuak kontuan hartuz), kolon-ondesteko minbizia da maiztasun handieneko tumorea, eta 65-75 urte bitarteko tartea kasu kopuru gehien dituena, minbizi guztien multzoa kontuan hartzen bada.

Egia esateko, gaixotasun multzo handi bat sartzen da minbizia izenez adierazten dugun horren barruan, berrehundik gora, eta mutazio edo alterazio genetiko zelularren kopuru mugagabe baten ondorioz sortutakoak izaten dira.

Zelula-alterazio horien kausa posibleak oso ehuneko txiki batean bakarrik egozten zaizkio predisposizio genetiko edo hereditario bati, eta horrek esan nahi du minbizien % 75-80 batean kanpoko agenteak izaten direla gizakiaren organismoan alterazio horiek sortzen dituztenak.

Kanpoko faktore edo arrisku-faktore nahiz faktore kartzinogeno horiek aldatu egiten dira –neurri batean– pertsonen portaeraren arabera, bai pertsona norbanaka hartuta eta bai kolektiboki hartuta. Ohitura toxiko edo kaltegarrien, portaera nahiz ohitura sozial edo aisiakoen, lan-baldintzen, jarduera industrialen edo ingurumenekoen eta abarren aurrean hartutako erabakiak eta jarrerak behin betikoak izango dira tumoreak, zenbaitetan, izan dezakeen eragina arindu edo areagotzeko.

Horiek eta oraindik ondo ezagutzen ez ditugun beste baldintza batzuk dira, gainera, tumoreak batzuetan klinikoki azaltzeko hainbeste denbora zergatik behar izaten duen edo tumorea izateko arriskua urteekin handitu egiten dela esplikatzen dutenak.

Lehen mailako prebentzioa (Bizimodu Osasungarria bultzatu eta, ahal den neurrian, arrisku-faktore posibleak saihestea), eta Bigarren mailako prebentzioa (diagnostiko goiztiarreko azterketak egin eta alertako sintomei behar zaien arreta ematea) dira osasuna zaintzeko eta minbizi mota batzuk saihesteko ditugun armarik onenak.

Hona horri buruzko hainbat gomendio:

  • 1 Ez erre.
  • 1 Mugatu alkohol-kontsumoa.
  • 1 Fruituak, barazkiak eta zerealak jan.
  • 1 Saihestu obesitatea.
  • 1 Egin ariketa fisikoa.
  • 1 Kontu izan eguzkiarekin.
  • 1 Saihestu substantzia kartzinogenoak.
  • 1 Txertatu B hepatitisaren kontra.
  • 1 Gomendatu honako hauen detekzio goiztiarra:
    • 1 Umetoki-lepoko minbizia (emakumeetan, 25 urtetik aurrera)
    • 1 Bularreko minbizia (emakumeetan, 40-50 urtetik aurrera)
    • 1 Kolon-ondesteko minbizia (gizonezko eta emakumeetan, 50 urtetik aurrera)

ALERTA-SINTOMAK: KONTSULTATU MEDIKUARI

  • Inoiz koskorren bat, nekez orbaintzen den zauri (ahokoak ere hemen sartuz), forma, tamaina edo kolorez aldatzen den orin, edo edozein eratako odol-galtze anormalen bat sumatzen baduzu.
  • Joaten ez diren molestiak, eztul edo erlastasun iraunkorra adibidez, edo hesteetako edo gernubideetako alterazioak nahiz ohiz kanpoko pisu-galera izanez gero.

Onkologiko berriak, minbiziaren diagnostiko eta tratamenduan zentro monografiko aitzindari izateaz gainera minbiziaren prebentzioan ere historikoki inplikatua egon den horrek, berritu egin du bere Osasun-azterketen eta minbiziaren diagnostiko goiztiarra egiteko baliabideen eskaintza, eta interesgarria izan daitekeela iruditzen zaion gizonezko edo emakume ororengana luzatu.