1928. urtean osatu zen Gipuzkoako Minbiziaren kontrako Liga, Mª Cristina Erreginaren lehendakaritzapean.

Ligak bere lanei hasiera emateko Minbiziaren kontrako Institutu baten sorrera lortu zuen, Gipuzkoako Diputazioan egindako gestioen ondorioz.

Institutua sortu eta ondoren barrutik hornitzeko, Gipuzkoako Diputazioaz eta Donostiako Udalaz gain, hainbat erakundek diru-ekarpenak egin zituzten, eta horien artean garai bateko Gipuzkoako Aurrezki-Kutxa Probintziala aipa daiteke. Eraiki zen etxeari "Alfonso XIII. Institutua" izena eman zitzaion.

1930. urtean, Alfonso XIII. erregeak ia bukatzear zegoen eraikina bisitatu zuen. Baina ondoren bertan behera geratu ziren lanak, hilabete batzuetan, Errepublika aldarrikatu zelako. Azkenik, Gobernuaren eta erakundeen ekarpen berriei esker ospitalea eraikitzeko lanak amaitu ziren, eta "Gipuzkoako Institutu Erradio-Kirurgikoa" izena eman zitzaion. 1933ko abuztuaren 13an inauguratu zen, minbiziak eta bestelako neoplasiak, edota endekapen gaiztoaren susmagarriak edo Röntgen-Curieterapiarekin tratatzeko modukoak ziren gaixotasunak jotako gaixoen tratamendu aktiborako bideratutako establezimendu bezala.

Luis Ayestaran Dr.a izan zen Zentroaren fundatzailea eta aurreneko Zuzendaria.

1946. urtean inauguratu zen Erradioterapiako instalazio berri bat, Quadro Condex (Westinghouse) modukoa, 250 KW eta 15 Ma-koa, Gipuzkoako Aurrezki-Kutxa Probintzialak oparitan emana.

Institutu Erradio-Kirurgikoak bizi zituen zailtasun ekonomiko larriek eraginda, eta Institutuaren beraren eskariz, Gipuzkoako Aurrezki-Kutxa Probintzialak aipatu zentro horren mantenimendua bere kargura hartu zuen, Gizarte-Ekintza Propio bezala 1952ko otsailaren 14an.

1954an sinatu zen aurreneko lankidetza-hitzarmena Gizarte-Segurantzaren eta Institutu Erradio-Kirurgikoaren artean.


Jatorria: Kutxa-Fototeka.

Gipuzkoako Minbiziaren kontrako Elkarteak, lurralde historiko horretako industriagizonen artean, eta horien laguntza eskatuz egindako kanpainaren fruitu bezala inauguratu zen 1963. urtean aurreneko kobalto-bonba.

Urte batzuk geroago eraikina handitzeko lanak hasten dira, eta obra horiek 1974. urtean amaitu zirenean Institutuaren ohe-kopurua 108koa zen. Urte berean sortu zen Erradiofisikako Zerbitzua, eta Erradioterapiakoa eguneratu zen kobalto-bonba berri bat, betatroi moduko partikula-azeleradore bat eta simulagailu bat ere ekarriz hornidura gisa.

1976an burutu zen diagnostiko goiztiarreko lehenengo kanpaina, umetoki eta bularreko minbiziei dagokienez. Urte horretan bertan Medikuntza Nuklearreko zerbitzuak eskanikamera bat jaso zuen zuzkidura bezala.


Jatorria: Kutxa-Fototeka.

1978an, INSTITUTU ONKOLOGIKOAK lankidetzako hitzarmen berri bat sinatu zuen INSALUDekin, eta hitzarmen hori Osakidetzak bere egin zuen 1988. urtean.

Sanitate eta Kontsumoko ministerioak 1983ko ekainean 7. Taldeko Osasun-Zentroaren Kalifikazioa (II. maila) eman zion Institutu honi.

Eta Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak, bere aldetik, 1986. urtean Erradiazio Ionizatzaileen aurkako Babeserako Unitate Teknikoaren kalifikazioa ezagutu zion INSTITUTU ONKOLOGIKOAri, izanik gisa horretako zentro baimendu bakarra Gipuzkoa osoan.

Kirurgia osteko Erreanimazioko Unitate bat sortu zen 1989an eta Medikuntza Nuklearreko zerbitzuan tresneria berritzeari ekin zitzaion, tomogammakamera digital bat eskuratuz.

Aurreneko azeleradore lineala 1991. urtean instalatu zen. Era berean, Erradiodiagnostikoko Zerbitzuak ere bere ekipamendua hobetzeko bidean OTA bat eskuratzen du, alegia ordenadore bidezko tomografia axiala.

1993an funtsezko aldaketa gertatu zen INSTITUTU ONKOLOGIKOKO zerbitzu desberdinen funtzio-dinamikan, eta aldaketa horren ondorioz paziente guztiak diziplina anitzeko abordajera bideratzen dira; aurreko aldaketa hori Unitate Funtzionalen sorkuntzan gauzatu zen.

Hurrengo urtean erosi eta jartzen da martxan Erradiokirurgia estereotaxikoa, garuneko tumoreen eta baita garuneko malformazio arterio-benosoen tratamendurako.

Ekipamendu konpletoaz hornitua dagoen gammakamera berri baten erosketa (kardiologia nuklearra egiteko instalazioa ere sartzen da horren barruan) izan zen 1996. urteko inbertsiorik garrantzitsuena.

1997ko ekintzarik nabarmenenak izan ziren ospitaleratzeko eremuaren dimentsionamendu berria, berrikuntza teknologikoaren jarraipena (oraingoan bigarren azeleradore linealaren instalazioan gauzatu zena), Minbiziari aurre hartzeko Zentroa, Javier Barcaiztegui kalean kokatua, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sustatu eta bultzaturiko Bularreko Minbiziaren Detekzio goiztiarreko programaren hasiera.

1998. urteko alderdirik azpimarragarrienak ondorengoak izan dira: Hitzarmen edo Kontzertu berriaren formalizazioa, Osasun Sailarekin, Bloke Kirurgikoaren erabateko erreforma, eta bularreko minbiziaren diagnostiko eta tratamendurako azken puntako teknologia eskuratu eta ezartzea (ABBI sistema izenekoa hain zuzen ere).

Etengabeko berrikuntzaren bidetik jarraituz, 1999. urtean brakiterapia hasten da erabiltzen prostatako minbizian, eta solairu oso baten birmoldaketari ekiten zaio, espazio bakar eta integratu gisa Bularreko Unitateari soilik eskaintzeko.

2000ko urtean, Tumore Bankua sortu izana eta Carlos III.a Ikerketa Onkologikoetarako Zentro Nazionalarekin erakunde arteko harremanak ezarri izana azpimarratu behar ditugu. Eta, aldi berean, formalizatu ziren gure erakunde Tumore Bankuen Sarean sartzeko bidea emango zuten akordioak ere.

2002ko urtean, berriz, ISO 9001/2000 Ziurtagiria lortu genuen Bularretako Unitatean. Prostatako minbizian brakiterapiako tratamenduak eskaintzen jarraitu izan dugun bitartean, beste teknika berri bat aplikatzen hasi gara: iridio-tasa altuko dosiak (H.D.R.), hain zuzen.


Ospitaleratzeko guena ere berregituratu da, eta, horri esker, gaixo bakarreko gelen kopurua franko handitu da; izan ere, ospitaleratutako gaixoen %52 gela horietan jartzeko moduan baitugu orain.

Eta 2003ko urteari dagokionez, berriz, Clinac 2100 CD Azeleragailu berri bat, Eclipse Planifikazio-Sistema berri bat, Gela Baskular Digital bat 1.5 T-ko Erresonantzia Magnetiko Nuklear bat erosteko kudeaketa-lana azpimarratu behar da inbertsioen kapituluan.

Baina 2004 urteko gertakaririk aipagarriena, zalantzarik gabe, Kutxak zentro berri bat sortzeko eta Institutu berriari dagokion Plan Funtzionala egiteko hartutako erabakia izan da. Aipatutako Plan Funtzionala Proiektua egiteko oinarria izango da.

Zentro berria sortzeko erabakiarekin, Kutxak erakusten du Institutuko profesionalengan duen konfiantza, eta profesionalok, berriz, Gizarte Ekintzak eskatu dien funtzioan lanean jarraitzeko jarrera ona.

INSTITUTU ONKOLOGIKOAREN atzean beti egon izan da, eta horrelaxe dago orain ere, "Kutxa" Gipuzkoa Donostia Kutxa. Aurrezki-Kutxa honek, Institutua Gizarte-Ekintza propiotzat hartuz, bere laguntza ekonomikoarekin posible egin du erakundeak bizirik irautea eta etengabe eguneratzea, minbiziaren prebentzioan, diagnostikoan eta tratamenduan aurrera daraman bere lana garatzeko beharrezkoak diren baliabide teknologikoak eskuratzeko behar adinako finantzaketa eskainiz.