• Onkologikoa Donostiako ospitale-aldean kokatzeak erosotasun eta konfort handiagoa eskaintzen die erabiltzaileei eta gaixoen senitartekoei. Gainera, Miramon Zentro Teknologikotik eta inguruko ikerketa-zentroetatik hurbil egotea ere balio erantsia da osasun-zentroarentzat.
• Onkologikoak zazpi espezialitate ditu: Bularra, Ginekologia, Larruazala, Digestiboa, ORL (burua, lepoa eta tiroidea), Urologia eta Onkohematologia + Birikak. Unitate guztiak diziplina anitzekoak dira, eta espezialista onkologoek, kirurgialariek,erradiologoek eta psikologoek osatzen dituzte. |
|
• Onkologikoa jasangarritasun-irizpide zorrotzen arabera eraiki da, eta erabiltzaileek garatu dute erabiltzaileentzat, gaixoen eta haien senitartekoen egonaldia ahalik eta atseginena izan dadin, eta talde profesionalen lana arinagoa, eraginkorragoa eta erosoagoa.
• Onkologikoak azeleragailu berri bat du Tomoterapia Helikoidala egiteko. Horrelako hiru baino ez daude Estatuan, eta gaur egungo teknologiarik aurreratuena erabiltzen du minbiziaren tratamendurako.
• Eraikina 2009ko urtarrilaren 16an inauguratuko da. Handik aurrera ekipamendua gehituko zaio, eta zentro zaharretik berrira tresneria eta zerbitzuak aldatuko dira lekuz. Zentroa zerbitzuak ematen eta lehenengo gaixoak tratatzen 2009 urtean zehar hasiko da.
Joan den XX. mendean zehar kutxaren Gizarte Ekintza zen Donostiako Institutu Onkologikoa minbiziaren tratamenduan eta prebentzioan erreferentziako zentroetako bat bihurtu bazen Estatuan, oraingo Onkologikoa aurreko haren erabateko hobekuntzatik jaio da, XXI. menderako gure inguruko ospitale-azpiegitura garrantzitsuenetako bat bihurtzeko helburuarekin.
Gure gizartean minbiziak gero eta eragin handiagoa izateak, gaixotasun hauei aurre egiteko medikuntzako metodo berriak agertzeak, eta, bereziki, lan onkologikoan teknologia berriak erabiltzeko premia eta behar gero eta handiagoak bultzatu zuten kutxa, duela lau urte, Institutu Onkologikoarentzat egoitza berri bat eraikitzeko konpromisoa bere gain hartzera. Kutxaren Gizarte Ekintzak 60 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu osasunaren eta gizarte-laguntzaren arloko ekimen aitzindari honetan. Kutxak tinko sustatzen duen proiektua da hau, egiten duen lanaren garrantziagatik, gizarte gipuzkoarrak estimu berezian duen lanagatik hain zuzen ere. Izan ere, Gipuzkoari mesede egiteaz gain, lan horrek duen eragina oso lagungarria gertatzen baitzaie Euskadiko eta Euskaditik kanpoko beste lurralde batzuei ere.
Onkologikoa begirapuntua izango da nazio-mailan eta nazioarte-mailan minbiziaren aurkako borrokan, eta egungo Institutu Onkologikoak minbiziaren tratamenduan eta prebentzioan zentro monografiko gisa egin duen lanarekin jarraituko du. Goraipatua izan den lan bikain horrek jarri du, hain zuzen ere, nazio eta nazioarte mailako abangoardian minbiziaren aurkako borrokari dagokionez.
Izan ere, azken urteotan egin den lana era esponentzialean haziz joan da, eta egun 60.000 gaixo baino gehiago dira urtero zentroan artatu eta tratatzen direnak.
Onkologikoa, beraz, Institutu Onkologikoaren eboluzioaren emaitza da, eta erreferentziako zentro mediko horrek aurrez aurre begiratu nahi dio XXI. mendeari azpiegitura berri honekin. Lekuz aldatu arren, urte hauetan guztietan Institutu Onkologikoaren oinarri izan diren balio eta zerbitzu guztiei eusten die, horrek bihurtu baitu kutxaren Gizarte Ekintzaren atal garrantzitsu, batetik, eta osasunaren arloan egiten duen lan bikainaren egiazko ikur, bestetik.
TEKNOLOGIA BERRIAK
Onkologikoaren lehentasunetako bat minbizia detektatzeko teknika berrien ikerketan eta garapenean erreferentzia izatea da. Horregatik, zentroak lau mamografo digital ditu, lau diagnostiko-estaziorekin osatzen direnak; eta baita CD-robot bat ere, krioterapia-teknika berriak aplikatzeko. Gainera, Onkologikoak erresonantzia magnetikoko unitate moderno bat ere izango du, lau ebakuntza-gela inteligente eta hamabi postu anbulatorio kimioterapiarako.
Baina Tomoterapia Helikoidala egiteko azeleragailu bat eskuratu izana da Onkologikoaren ekipamendu teknologikoaren barruan osagairik garrantzitsuena, minbizia tratatzeko gaur egungo teknologiarik aurreratuenaren adierazgarri baita. Tomotherapy Hi-Art izeneko azeleragailu berria, AEBetako Wisconsin-Madison Unibertsitateak garatu du eta erradiazioen bidez egindako minbiziaren tratamenduan bizi dugun garai berriaren isla ezin hobea da, tumore askotan tratamenduen ezaugarriak aldatu eta hobetuko dituelako. Ekipamendu hori hirugarrena da Estatu espainolean eta hamabosgarrena Europan, eta tresna horrekin, mundu osoan tratamendu hori eskaintzen duten zentro mediko aitzindarien taldean sartzen da Onkologikoa.
Halaber, Onkologikoak baditu goi-energiako bi azeleragailu lineal eta kardiologia nuklearrerako hiru Gammakamera ere. Pazienteen informazio kliniko guztia Historia Kliniko Elektronikoan izango da. Irudi mediku guztiak dijitalak izango dira (plakarik gabe).
Onkologikoak zazpi espezialitate ditu: Bularra, Ginekologia, Larruazala, Digestiboa, ORL (burua, lepoa eta tiroidea), Urologia eta Onkohematologia + Birikak. Unitate guztiak diziplina anitzekoak dira, eta beraz, espezialista onkologoek, kirurgialariek, erradiologoek eta psikologoek osatzen dituzte. Gaixo bakoitza dagokion unitate funtzionalera bideratzen da: bertan egiten da gaixoaren azterketa eta bertan proposatzen zaio plan terapeutiko oso eta espezifikoa.
Ekipamendu teknologikorik aurreratuena erabiltzeaz gain, Onkologikoak gaixotasun kantzerigenoen inguruko ikerketa bultzatzearen aldeko apustu ere egiten du, bularreko minbiziaren tratamenduari hurbilpen terapeutiko berriak egiten dizkioten ikerketa-proiektuak sustatuz, zelula amen biologiari buruzko azken aurkikuntzetan oinarritutako balizko terapia berrietan lan egiten duten eta sendatzeko tratamendu alternatiboak bilatzera zuzenduta dauden ikerketak, hain zuzen ere.
PREBENTZIOA ETA BIGARREN IRITZIA
Minbiziari aurre egiteko modurik onena hari aurrea hartzea da, eta baldintza horrekin, beste gai batzuen artean Onkologikoak arreta berezia eskaini die prebentzio-azterketei. Enpresa askok kontratatzen ditu azterketa horiek, besteak beste, kutxak. Gainera, prebentzio onkologikoko azterketa beste analisi batzuekin osatzeko aukera ematen da, horrela, aurkikuntza klinikoekin eta egoki diren gomendioekin pazienteari txosten bat eskaintzeko.
Bestalde, jasotako diagnostiko bati buruz beste iritzi bat bilatzea gertaera gero eta arruntagoa da minbizi-kasuetan. Funtsean, horrelako berriek asaldura handia sortzen dute gaixoengan eta ingurukoengan, ez baita erraza halakorik norbereganatzea, eta, zenbaitetan, informazioa ere ez baita oso argia izaten.
Horregatik, Onkologikoak badu gero eta gehiago baloratzen eta eskatzen den kontsulta-zerbitzu bat, gaixoei informazio gehiago eskuratzeko eta beste medikuen iritzia alderatzeko aukera ematen diena.
ARGIA GAINEZKA DUEN ERAIKIN BERRIA
Onkologikoaren kokaleku berriak, Donostiako ospitale-aldearen ondoan, erosotasun eta konfort handiagoa eskaintzen die erabiltzaileei eta gaixoen senitartekoei, eta kokapen berriari esker lekualdaketak ahalik eta gehien saihestuko dira, gertu dagoen ospitale-konplexuarekiko sinergiak baliatuz. Eraikin berriak irispide gehiago eta hobeak ditu errepidez, eta horrela, errazagoa da garraio publikoa erabiliz bertara iristea. Gainera, Miramon Zentro Teknologikotik eta inguruko ikerketa-zentroetatik hurbil egotea ere balio erantsia da osasun-zentroarentzat.
Onkologikoa, 23.600 metro koadroko lurzoruan dago kokatua, eta tonu urdin desberdinetako altxaera tradizional baten gainean jarritako beirazko fatxada bikoitza du. Konbinazio horri esker aldaketa meteorologikoak islatuta agertuko dira bertan, bere itxura eguneko argiaren eta zeruaren kolorearen arabera aldatzen duen gune dinamiko bihurtuz eraikina. Eraikin osoak arkitektura jasangarriko irizpide zorrotzak errespetatzen ditu, barnealdea babesten baitu eta girotzeko energia-kontsumoa murrizten. Funtsean, eraikin osoa guztiz argitsua da, eta barruan egiten den jarduna —bereziki, gaixotasun kantzerigenoen aurkako borrokaren inguruko tratamenduarekin, ikerketarekin eta berrikuntzarekin lotutakoa— islaraztea bilatzen da horrekin.
Onkologikoaren egituraren diseinua erabiltzaileek planteatu dute erabiltzaileentzat, gaixoen eta senitartekoen egonaldia ahalik eta atsegina izan dadin, eta talde profesionalen lana arinagoa.
Ospitale-eraikin bat izateko baldintzaren gainean oinarritzen da aukeratu den arkitektura-diseinua, eta baita gaixoek bertan egingo dituzten behin-behineko egonaldiak kontuan hartuta ere. Horregatik, egonaldi horiek ahalik eta erosoenak izatea lortu nahi da, eta helburu horrekin, gune guztiak eremu oso sinple gisa planteatu dira, eta bertan argi naturalak, materialen kalitate eta kolorearen jokoak, eta giroaren inpresio baketsuek, sentsazio lasaiak, xumeak eta argiak sortarazten dituzte.
Bestalde, medikuek, erizainek eta zentroko langileek erabil ditzaten prestatutako eremuek, helburu dituzten funtzioak behar bezala betetzeaz gain, lana errazten duten baldintzak dituzte, zabaltasuna, argia, garbitasuna eta aireztapenari dagokionean.
Onkologikoaren sarrerako eremuan, barruko kale oso zabal bat irekitzen da, etorbide dinamiko bat balitz bezala, eta bertan daude harrera-zerbitzua, kafetegia eta entzundegia. Zona honetan dauden sarbideetatik eraikinari argi izugarria ematen dioten bi patioetara iristen da. Patio horiei esker dute argi naturala gela guztiek.
Beheko solairuan daude kanpo-kontsultak, bularretako unitatea, eta erresonantzia magnetikoa.
Zentroaren lehen solairuan daude azken belaunaldiko lau ebakuntza-gela inteligente, eta baita anatomia patologikoko eta endoskopien sekzioak, eguneko ospitalea, laborategia eta botika.
Bigarren solairua gaixoen ospitaleratzeari eskainita dago, eta 52 gela eta 104 ohe daude bertan. Gainera, kimioterapiako 12 postu anbulatorio daude, eta goi-energiako hiru azeleragailu lineal.
Sotoko lehen solairuan, logistikako zerbitzuak egoteaz gain, sekzio hauek daude: erradiologia, medikuntza nuklearra, erradioterapia eta gammakamera.
Sotoko bigarren solairu osoa aparkalekuari eskainita dago, eta 183 ibilgailurentzat lekua dago bertan.
LEKUALDATZEA
Eraikina 2009ko urtarrilaren 16an inauguratuko da. Handik aurrera ekipamendua gehituko zaio, eta zentro zaharretik berrira tresneria eta zerbitzuak aldatuko dira lekuz. Zentroa zerbitzuak ematen eta lehenengo gaixoak tratatzen 2009 urtean zehar hasiko da.
|