ONKOLOGIKOAK IZANGO DU KOLONEKO MINBIZIAREN DETEKZIO GOIZTIARRERAKO LEHENENGO TESTA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN, ETA ODOL-LAGIN BIDEZ EGINGO DA

- Espainian, koloneko minbiziaren 25.000 kasu baino gehiago izaten dira urtean, eta minbiziak eragindako heriotzen bigarren arrazoi nagusia da. 50 urtetik gorako pertsonen % 6k garatzen du gaixotasuna, eta, garaiz diagnostikatuz gero, kasuen % 90 sendatzen dira

- mS9 testa odol-lagin batetik abiatuz egiten da; ez da beharrezkoa pazientea baraurik egotea, eta 15 egunean jasotzen dira emaitzak.

- Europar Batasunak ziurtatutako testa da, eta tumoreen % 75 baino gehiago identifikatzen ditu hasierako fasean. Ehuneko hori askoz handiagoa da gaur egun eginkarietako ezkutuko odolaren identifikazioan oinarritzen diren baheketa-tekniken bidez lortzen dena baino.

ONKOLOGIKOA, Kutxaren Institutu Onkologikoak koloneko minbizia detektatzeko lehenengo proba izango du Euskal Autonomia Erkidegoko minbiziaren prebentzio, diagnostiko eta tratamendurako duen zentro monografikoan. Odol periferikoaren azterketa bidezko proba horrek mS9 testa izena du, eta CGC Genetics laborategiak merkaturatzen du, Espainian eta Portugalen.

Osasun Sailak argitaratutako azken datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan, koloneko eta ondesteko 1.500 minbizi-kasu berri baino gehiago diagnostikatzen dira urtero. Hala, gizonezkoek eta emakumeek gehien izaten dituzten minbizietan bigarrena da (gizonezkoen kasuan, prostatako minbizia da gehien agertzen dena, eta, emakumeen kasuan, bularrekoa).

Adituen aurreikuspenen arabera, 50 urtetik gorako pertsonen % 6k garatuko du gaixotasuna. Urtean 100.000 pertsona inguru hiltzen dira, Europar Batasunean, koloneko minbiziaren ondorioz; horietatik erdiak baino gehiago prebenitu egin daitezke. Espainian, 25.000 kasu berri baino gehiago agertzen dira urtean. Detekzio goiztiarra egiteko aukera gehien ematen duen minbizia da, eta, hasierako faseetan, tratamenduari ondoen erantzuten diona. Hori dela eta, CGC Genetics Espaņa (CircaGen) laborategiak merkaturatzen duen proba hori duen lehenengo zentroa da ONKOLOGIKOA, Euskal Autonomia Erkidegoan. Sintomarik ez duten edo, itxuraz, osasuntsu dauden 50 urteko emakume eta gizonezkoei zuzenduta dago proba.

mS9 testaren bidez, odol-lagin bat aztertzen da koloneko minbiziaren baheketarako. Baheketa-programak ezinbesteko tresna dira, hasierako faseetan, koloneko minbiziaren detekzio goiztiarrerako: test horren bidez, tumoreen % 75 detektatzen dira hasierako fasean. Horrez gain, % 88,4tik gorako espezifikotasuna eta % 66,7tik gorako sentikortasuna du.

mS9 testaren abantailen artean, hauek azpimarratu behar dira: ez du aurretiazko prestakuntza berezirik behar, pazienteak ez baitu baraurik egon behar eta odol-lagin sinple baten bidez egiten baita. Beraz, ez da beste bigarren bisita bat egin behar lagina entregatzeko —orain arte, hala egin behar zen eginkarietako ezkutuko odola aztertzeko—, eta, gainera, emaitzak zentroan bertan jaso daitezke, 15 eguneko epean, gutxi gorabehera.

mS9 testaren bidez, Septina 9 (SEPT9) genearen forma metilatuaren presentzia detektatzen da. Koloneko minbizi-kasuen % 90 baino gehiagotan aurkitzen dute gene hori, eta ADN libre moduan pasatzen da odolera. Plasman mS9 genea badago, koloneko minbiziarekin lotutako neoformazioren bat egon daitekeela adierazten du horrek.

Informazio gehiago hemen