Institutu Onkologiko berriaren egoitzak 2008ko udaberrian irekiko ditu ateak. Jon Uranga arkitektoak eta Uslan ARK taldeak diseinatutako eraikin honek 24.000 metro karratu izango ditu, lur azpiko bi solairutan eta lur gaineko hirutan banatuta. Behe-solairuan kanpo-kontsultak, titietako patologiako unitatea eta erresonantzia magnetikokoa, administrazio-zerbitzuak eta espazio publikoak daude. Lehenengo solairua operazioak egiteko izango da, eta operazio-gela adimendunak eta anatomia patologikoko eta endoskopiako zerbitzuak, eguneko ospitalea, laborategia eta farmazia egongo dira bertan. Bigarren solairua gaixoak ospitaleratzeko izango da, eta 52 gela bikoitz izango ditu. Lur azpian bi soto izango ditu: 183 autorentzako aparkalekua egongo da batean, eta anbulantziei harrera egiteko lekua eta Erradiologia, Medikuntza Nuklear eta Erradioterapiako zerbitzuak eta Gammakamera bestean.
Kanpotik begiratuta, eraikin trinko baten irudia izango du Onkologiko berriak, bolumen garbi eta baterakoiak dituen batena, inguruko etxeetatik argi eta garbi bereiziko duen nortasun propio batekin. Trinkotasun hori, ordea, ez zaio inongo eragozpen izango halako baretasun-sentsazio bat jaulkitzeko.
Azal bikoitzeko fatxada izango da, inongo zalantzarik gabe, Donostiako ospitale-aldean egongo den osasun-etxe honen bereizgarri nagusietako bat. Barrutik, kolorezko fatxada konbentzional bat izango du, eta hortik metro batzuetara, berriz, beiraz estalitako kanpoko fatxada. Horregatik, bada, beirazko etxe baten itxura izango du kanpotik, baina bertan erabiliko diren materialei esker, eguraldiaren aldaketak islatuko dira bertan, eta, horrela, espazio dinamiko bat izango da etxe guztia, koloreak, argiak eta itzalek etengabe mugitzen ari den eraikinaren irudipena sortuko dute-eta.
Fatxada bikoitz horrek, bestalde, arkitektura iraunkorraren irizpideei erantzun nahi die, izan ere, girotzeko energia-kontsumoa murriztuz, barrualdea babesteko bidea ematen baitu. Eta irizpide horiei berei jarraituz, energia berriztagarriak erabiltzearen aldeko apustua egin da, eguzki-plakak ipintzeko erabakia hartuz.
Barrura sartuta, kanpora zabalik dauden 330 m2 eta 280 m2-ko bi patioren inguruan antolatua dago espazioa. Eta behin berriz, eraikin osoari ahalik eta argitasun naturalik handiena emateko asmoari jarraitu zaio hemen ere. Eta helburua aise lortu dela ikusten da, zeren eta gela guzti-guztiek (52 guztira) argi naturalaz gozatzen baitute, bai kanpoko fatxadara ematen dutenek eta baita patioen inguruan banatuta daudenek ere.
Patio horiek, bestalde, espazio argitsuetara irekitako zirkulazio-guneak sortzeko aukera ematen dute, horrela zerbitzuen banaketa egokia lortzeko eta bai langileen eta bai pazienteen eta horien laguntzaileen joan-etorriak modu benetan erosoan egiteko parada eskainiz.
Barruan nabari da, baita ere, kale moduko bat egin dela sarrerako zonan, fatxada nagusiaren paraleloan korritzen duena, eta halako barne-espazio dinamiko bat sortu nahi duena, non harrera, kafetegia eta entzunaretoa (140 pertsonarentzako lekuarekin) egongo diren, betiere kanpoarekin erlazionatutako beste hainbat zerbitzu osagarrirekin batera.
Erabiltzaileek eta erabiltzaileentzat pentsatutako diseinua du, azken batean, horien egonaldia atseginagoa izan dadin, alegia, ahalik eta erosotasun-mailarik handiena lortzen saiatuz instalazioetan. Izan ere, gaur egungo Institutu Onkologikoaren jarduera-zifrak kontuan hartzen baldin baditugu, urtean 60.000 pertsona pasatuko baitira instalazio horietatik, hau da, 1.500 erabiltzaile baino gehiago egunean, eta horietatik 2.700 baino gehiagok ospitaleratuak izan beharko baitute.
Kokapen estrategikoa
Institutu Onokologiko berriak, azkenik, Donostiako Miramon eta Zorroaga arteko ospitale-aldearen ondoan egongo denez gero, dudarik gabeko erosotasuna ekarriko die erabiltzaileei, ez dute-eta aurrerantzean Aldakoneatik Donostiako Ospitalerako eta alderantzizko joan-etorririk egin beharrik izango probak egiteko.
Eta beste datu bat ere erantsi behar diogu orain arte esandakoari, alegia, errepidezko irispide gehiago eta hobeak izango dituela, garraio publikoko zerbitzu gehiagorekin, eta irispide horiek oraindik gehiago hobetuko dituzten jarduketa berriak egiteko asmoa dagoela.
|