TOMOTERAPIA INSTITUTU ONKOLOGIKO BERRIAN

Gipuzkoako Institutu Onkologiko berriak, kutxaren gizarte-ekintzak, azeleragailu bat erosi du Tomoterapia Helikoidala egiteko, alegia, minbiziaren tratamendurako teknologiarik aurreratuena. Donostiako ospitale-aldean eraikitzen ari diren zentro berrian egongo da azeleragailu hori.

Tomotherapy Hi-Art izeneko azeleragailu berria, Wisconsin-Madison Unibertsitateak garatu du eta erradiazioen bidez egiten den minbiziaren tratamenduan bizi dugun garai berriaren isla ezin hobea da. Tumore askotan tratamenduen ezaugarriak aldatu eta hobetuko ditu.

 

Tomotherapy Hi-Art


Institutu Onkologikoak izango duen ekipamendua Europan hamabosgarrena da eta hirugarrena Espainian. Gipuzkoako Onkologikoa munduan dagoeneko tratamendu mota hau eskaintzen duten eta aitzindariak diren ehun zentroetako bat izango da. Europan, San Raffaele Ospitalea (Milan) izan zen lehenengoa teknologia hau erabiltzen, 2003an. Orduz geroztik, Tomoterapia erritmo bizian ezarri da Mendebaldeko Europa osoko zentro onkologikoetan. Tomoterapia eskainiko dute Institutu Onkologiko berriko zerbitzu-zorroan, oso aurreratuak doazen eraikuntza-lanak amaitu ondoren inauguratzen den unetik beretik hasita. Onkologikoan bi azeleragailu lineal ere egongo dira, egun zerbitzua ematen dutenak  bezalakoak.

Tomoterapiak ekipamendu berean konbinatzen ditu Ordenadore Bidezko Tomografia axial (OTA) helikoidalaren bitartez irudia lortzeko sistema eta ziklo helikoidal bera jarraitzen duen irradiazio-sistema.

Emaitza hau da: sistema honekin erradiazioa tumorera bideratzea lortzen da, azeleragailu arruntak erabilita orain arte pentsaezinak ziren zehaztasunarekin eta segurtasunarekin. Baina horrez gain, egitura osasuntsuak ez dira irradiatzen. Hori dela-eta, bigarren mailako ondorioak gutxitzen dira eta ondorioz, pazientearen bizi-kalitatea hobetzen da.

Gainera, tumore bakoitza independenteki tratatzen duten beste teknika batzuetan ez bezala, tratamendua aldi berean planifikatu, egiaztatu eta burutu daiteke tumore guztietarako Tomoterapian. Horrela, tratamenduaren denbora orain behar denaren erdia izango da edo oraingoa baino heren bat gutxiago. Moldakortasun horri esker, aurretik irradiatutako lekuetako berreritze tumoralaren erreskateko tratamenduan, Tomoterapia aukera bat izan daiteke.