INSTITUTU ONKOLOGIKOAREN LOGOTIPO BERRIA

Egunez egun errealitate bilakatzen ari da Institutu Onkologiko Berria izango denaren eraikina. Hala, 2006ko uztailaren 6an lehen harria jartzeko egin zen inaugurazio-ekitaldi hartatik gaurdainoko epealdian, hainbat etapa bete dira dagoeneko Gipuzkoako gizarteak lehentasunez eskatu duen eta kutxaren Gizarte-Ekintzak aurrera daraman proiektu enblematiko honi dagokionean. Orain, azken fasean murgiltzen ari gara eta, hilabete batzuk barru, obrak amaitu eta datorren urterako bete-betean arituko da lanean Onkologiko berria.

Institutu Onkologikoaren Logo Berria


Osasun-zentro honek orain arte izan duen historiaren jarraipena izango da Institutu Onkologiko berria. Bere ibilbide luzean garatu dituen identitate-ezaugarri nagusiek, eraikin berrian ere halaxe izaten jarraituko dute. Beste hitz batzuekin esateko: itxura aldatuko da bai baina ez da ezertan aldatuko Estatu osoan ospe handia lortu duen zentro honen berariazkoa izateko era.

Baina, zalantzarik gabe, Institutu Onkologikoak eraberritzeko erronkari ekin dio. Horrexegatik, hain zuzen, gaur irudi korporatibo berria aurkeztu nahi dizuegu, eta horren lekukotzarik esanguratsuena, logotipoa da. Institutu Onkologikoaren azken 70 urteko ibilbide luzearen baloreak transmititu nahi dituen logotipo berria. Eta asko dira balore horiek: tradizioa eta abangoardia, erabiltzaileenganako zerbitzu-bokazioa, gaixoak artatzeko gizatasuna, lehen lerrokoa den ekipamendu teknologikoa etengabe baliatzeko asmoa eta, jakina, lehen mailako profesionalekin lan egitea. Horiek guztiak izan baitira, besteak beste, Institutu Onkologikoari gizarte-onespen handia eman dioten balore nagusiak.

Beraz, etapa berri baten aurrean dago Institutu Onkologikoa eta horren adierazpiderik garrantzitsuena, Donostiako Ospitale-Gunean eraikitzen ari den eraikina izango da. Eraikinaren kanpo aldeko irudia, eraikin trinko bati dagokiona da, bolumen garbi eta unitarioak nagusi, nortasun-zantzu propioarekin, inguruan dituen eraikinek ez bezalakoa. Irudi sendo-sendoa, baina horrek ez dio trabarik jarriko lasaitasuna eta sosegua transmititzeko. Barrualderako, berriz, diseinu guztiz abegikorra aukeratu da, erosoa, eta egoitzaren egongela guztietan argia izango da protagonista nagusia.

Hitz gutxitan, marko berri bat Instiutu Onkologikoak orain arte egin duen lan profesionalari jarraipena emateko, eta aurrerantzean, gainera, irudi korporatibo berria ondoan duela.