PET: teknologia bakarra Gipuzkoan |
|
Orain dela 10 urte ezarri zenetik, teknologia hori pixkanaka eboluzionatuz joan da. Gaur egun errealitate bat da eta aurretik etorkizun handia duela ikus daiteke.
Positroi-igorpenezko tomografia, lurraldean ezarri den lehenengoa, gako-pieza bihurtu da minbizia diagnostikatzeko.
Onkologiko berria irekitzean, Medikuntza Nuklearreko Zerbitzuari irudiaren bidezko diagnostikorako gako-pieza berri bat eman zaio: positroi-igorpenezko tomografia, bere ingelesezko siglengatik PET gisa ezagutzen dena. Lehenengo aldia da teknika hori Gipuzkoako lurralde historikoan ezartzen dela, eta bigarrena EAEn.

OROITZAPEN HISTORIKOA
PET teknologiak Neurozientziako ikerketan hasi zuen bere ibilbidea, baina arrakastarik handiena Onkologiaren esparruan geroz eta gehiago aplikatzen hasi zenean lortu zuen. Positroi-igorpenezko tomografia orain dela 10 urte inguru ezarri zenetik, teknologia hori pixkanaka eboluzionatuz joan da. Gaur egun PET gammakamerak daude eta horiei lokalizazioko ordenagailu bidezko tomografo axial (OTA) bat akoplatu zaie, PETaren bidez lortutako irudi funtzionalaren eta eskanerraren irudi morfologikoaren arteko irudi bateratuak egin ahal izateko.
PROBAREN OINARRIA
Erradioaktiboki fluor-18rekin markatutako glukosa zain barnetik ematean datza. Hori glukosa normalaren antzeko molekula bat da eta behin zirkulazio-aparatuan dagoela, zelulak xurgatzen du behar duenaren arabera. Bai tumore-prozesuek eta bai inflamazio- eta infekzio-prozesu batzuek, funtsean, zelulen gehiegizko glukosa-kontsumoa dute ezaugarri. PET teknologia prozesu horietan azukrearen metabolismoa bistaratzeko gai da. Ez da ohiko irudi-teknika bat, jarduera zelularra erakusten duen azterketa bat baizik, sistema elektroniko eta informatiko baten bidez organismoaren irudi funtzionala lortzen duena. PETak eskuratutako irudiek EMN edo OTA bezalako edozein azterketa morfologikok baino lehenago erakusten dute tumoreen egoera.
Neurologian ere aplika daiteke, dementzia eta Parkinson-en gaixotasuna aztertzeko, eta baita Kardiologian ere, miokardioko perfusioaren azterketarako.
NOLA EGITEN DA?
Paziente bat artatzen duen medikuak PET bat egitea egokia dela irizten duenean, informazio klinikoa biltzen duen eskaera bat bidaltzen dio Onkologikoko Medikuntza Nuklearreko Zerbitzuari. Proba antolatu eta egin ondoren, medikuntza nuklearreko espezialistek irudiak ’ebaketaz ebaketa’ prozesatzen eta aztertzen dituzte eta azterketa hori dagokion txostenean jasotzen dute.
ETORKIZUNA
Positroi-igorpenezko tomografia (PET) errealitate bat da, eta aukeraz beteriko etorkizuna jarri digu begien aurrean, gaixotasun askoren diagnostikoan bide berri bat ireki baitu.
Glukosaz gain beste zenbait produktu —tumore-markatzaileak, intsulina, dopamina, proteinak, etab.— markatzeko daukagun posibilitateari esker, ia mugarik gabeko aukera-zerrenda bat irekitzen da eta hori etengabe garatuz joango da Medikuntzak molekula berriak aurkitu ahala.
|