Tomoterapia: zehaztasun handiko erradiazioa |
|
Onkologikoak zenbait tumore eraginkortasunez tratatzeko teknika berritzaile hori ezarri du ospitale berrian.
Teknikoki, kaltetutako gorputz-ataletarako tratamendu-planak hobeto eratzea ahalbidetzen du.
Tomoterapia erradioterapiako tratamendu-teknika berri bat da eta makina berean IMRT (Intentsitate Modulatuko Erradioterapia) dinamikoko teknologiarik aurreratuena eta erradiazio ionizatzaileak erabiltzen dituzten tumore-tratamenduetako irudi gidatua bateratzen ditu.
Kanpotik ikusita, ez du zerikusirik ohiko azeleragailuekin eta erradiodiagnostikoko OTA tresnen antza gehiago du. Irradiazio-sorta era zirkularrean mugitzen da etengabe eta mahaia, aldi berean, luzetara. Horrela irradiazio helikoidala sortzen da eta paziente bakoitzak hainbat sarrera-ate dituen terapia dinamikoa hartuko du, zehaztasun handikoa hain zuzen ere.

ABANTAILA TEKNIKOAK
Ikuspuntu tekniko batetik tomoterapiaren abantaila nagusia da, lehenik eta behin, tumoreak kaltetutako gorputz-ataletarako tratamendu-planak askoz hobeto eratzea ahalbidetzen duela.
Horrela, tumore-ehunetan irradiazio-dosi handiagoak eman daitezke, aldi berean inguruko organo osasuntsuek jasotako dosia nabarmen murrizten den bitartean.
Bigarrenik, eta kontuan hartuta pazientearen barne-egiturak ohiko OTA tresnekin lortutakoen antzeko irudiak ematen dituen tomoirudi (megatentsiodun ebaketa axialak) baten bidez egunero eta denbora errealean egiaztatuz egiten dela tratamendua, erradioterapiako tratamenduak irauten duen egun bakoitzean gaixoaren posizionamendua zuzena dela ziurta daiteke.
Azkenik, haren ezaugarri mekanikoei esker, tratatu beharreko zonen hedaduragatik edo aurretik irradiatutako zonetan edo organo kritikoetan egoteagatik ohiko erradioterapiarekin egindako tratamendua egokia ez den zenbait patologiatan ere erabil daiteke.
ESKAERA-MAILA
Ulergarria denez, teknologia hori erabiltzeko eskakizun-maila altua da, bai bitarteko materialei dagokienez (planifikatzaileak; EMN, OTA eta PET irudiak bateratzea; eguneroko posizionamenduko eta finkatzeko sistema fin-finak), bai kalkulurako, dosimetriarako, terapia emateko eta tratamendu bakoitza kontrolatzeko behar diren giza baliabideei dagokienez ere.
Tratamendu-teknika horrek erradioterapia jaso behar duten paziente guztientzat balio du, baina teknikaren aparteko ezaugarriengatik, ohiko teknikak erabiltzen dituen tratamenduak konplikazio ugari sor ditzakeela uste den kasuetan edota pazientearen edo tumorearen ezaugarri anatomiko bereziak direla-eta irradiazio-dosien banaketak egokiak ez diren kasuetan erabiltzeko bakarrik geratuko da.
|