Bederatzi galdera Onkologikoari buruz

Onkologikoa kutxaren Gizarte Ekintzaren ekimen enblematikoa da. 2006ko uztailaren 6an jarri zen egoitza berriaren lehen harria, eta Donostiako ospitaleen inguruan dago. 2009ko urtarrilaren 16an inauguratu zen. 2009ko Ekainean lehenengo pazienteak jaso zituen. Erreportaje honetan, proiektuari buruz egindako eta interes orokorreko bederatzi galderaren erantzunak daude.

1.- Noizdanik ari da lanean Institutu Onkologikoa? Zein izan dira eraikin berria egiteko arrazoiak?

Institutu Onkologikoa kutxaren Gizarte Ekintzaren ekimen enblematikoetako bat da, eta izan ere gipuzkoar gizarteak ongien balioetsitakoa da. Proiektu honek 1928an hasi zuen bere ibilbidea; zentro hartatik 1933an Gipuzkoako Institutu Erradio-Kirurgikoa sortu zen, eta proiektu hartan bere ekarpena egin zuen Gipuzkoako Aurrezki kutxa Probintzial zaharrak. Lankidetza hura mezenasgo bihurtu zen 1952. urtean, kutxak Institutuaren mantentzea eta kudeaketa hartu baitzuen bere gain.

Urteak igaro ahala zentroa hazi egin da, eta hazkunde hori eremu guztietan izan da: eskainitako zerbitzuen kopuruan, ospitaleko eta anbulategiko tratamenduetan, analisi eta diagnostiko goiztiarreko zerbitzuetan, eta gaixo kopuruan, noski. Institutu Onkologikoaren eta kutxaren eginkizuna gipuzkoarrekin hartutako konpromisoari eustea izan da —alegia, minbizia prebenitu, tratatu eta erasotzea, teknologia- eta giza ekipamendurik onenarekin betiere—, eta horregatik planteatu zen bere garaian Onkologikoa eraikitzea.

2.- Zertan datza Onkologikoaren proiektu berria? Eta zein da bere garrantzia?

Onkologikoak orain arteko Institutuak egindako lanari jarraituko dio, minbiziaren prebentzio eta tratamendurako zentro monografiko gisa, punta-puntan gaitz horren aurkako borrokan. Azken urteotan zertu duen lana esponentzialki haziz joan da, eta gaur egun 60.000 gaixo baino gehiago tratatzen dira urtero zentroan.

Onkologikoa, beraz, Institutu Onkologikoaren bilakaera da. Bere kokalekua aldatu egin da, baina Institutu Onkologikoak eskainitako balio eta zerbitzu guztiak izango ditu, eta kutxaren Gizarte Ekintzaren zati garrantzitsu bat da, eta bere laguntza-lanaren benetako enblema edo ikurra. Kutxaren Gizarte Ekintzak 45 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu proiektu honetan. Eta kutxak proiektu hau bultzatzen badu zentro honen eginkizun garrantzitsuagatik da, gipuzkoar gizarteak oso estimaturiko eginkizuna baita, eta ez Gipuzkoaren onurarako bakarrik; izan ere, zentro honetan egiten den lan guztia oso lagungarri da beste lurralde batzuetarako ere, Euskadi barruan eta kanpoan.

3.- Zein ezaugarri hartu ziren kontuan kokaleku berria aukeratzeko? Zein dira horren onurak?

Hamarkada batzuetan gure zainketa eta zerbitzuak Aldakonea gainean eman ditugu, premia eta erabilera berriekin eraldatuz joan den eraikin batean; eta gure zerbitzuak kalitate handiagoarekin eskaintzen jarraitzeko, beste kokaleku batean planteatu zen eraikuntza berria. Erabaki hau kutxaren Batzar Nagusian onartu zen 2004ko urrian, eta lehenengo harria 2006ko uztailaren 6an jarri zen. 2009ko urtarrilaren 16an eraikina inauguratu zen.

Onkologikoaren kokaleku berriak, Donostiako ospitaleen inguruan, erosotasun eta konfort handiagoa eskainiko die gaixoei eta familiakoei, ahal den neurrian lekualdatzeak saihestuz, eta ospitale-konplexuarekiko sinergiak aprobetxatuz. Gainera, kokaleku berriak sarbide gehiago eta hobeak eskaintzen ditu, eta garraio publikoa gehiago erabiltzeko aukera.

4.- Zein dira eraikin berriaren egiturazko aurrerapenak?

Aipaturiko kokalekuan 23.600 m2 erabili dira Onkologikoa eraikitzeko. Eraikinak kristalezko fatxada bikoitza du, tonu urdinetako fatxada konbentzionalaren gainean. Konbinazio horri esker, aldaketa meteorologikoak islatuko ditu, eta eraikina espazio dinamiko bihurtuko da, argiekin eta zeruaren kolorearekin eraldatuz. Gainera, eraikina arkitektura iraunkorreko irizpideekin egin da, barrualdea babestu eta kontsumoa murrizten baitu klimatizazioan.

Eraikinaren egiturazko diseinua erabiltzaileengan pentsatuta egin da, gaixoen eta familiakoen egonaldia ahalik eta atseginena izan dadin, eta talde profesionalaren lana ere ahalik eta eraginkorrena. Horregatik, sarrera-gunean barne-kale zabal bat dago, eta ibilbide dinamiko bat balitz bezala bertan harrera-lekua, kafetegia eta auditoriuma daude. Ibilbide hori bi patio irekitara doa, eraikinari argi asko ematen diotenak, eta horrela gela guztiek dute berezko argia.

Labur esanda, eraikina espazio atsegingarria izateko pentsaturik dago, lasaitasun-sentipena emango duena, eta bertan argia izango da protagonista nagusia.

5.- Teknologia berria ezarriko al da Onkologikoan minbizia detektatu eta tratatzeko?

Kutxaren eginkizun nagusietako bat erreferente izatea da minbizia detektatzeko teknika berriak detektatu eta garatzen. Horregatik lau mamografo digital jarriko dira, eta horien osagarri lau diagnostiko-estazio eta CDen errobota krioterapia-teknika berriak aplikatzeko, erresonantzia magnetikoko unitate moderno bat, lau ebakuntza-gela edo kirofano adimendun eta 12 postu anbulatorio kimioterapiarako.

Gainera, azeleragailua erosi da Tomoterapia Helikoidala egiteko, hori baita teknologiarik aurreratuena minbiziaren tratamenduan. Azeleragailu berria, Tomotherapy Hi-Art deitua, Wisconsin-Madisongo Unibertsitateak garatu du eta minbiziak irraden bidez tratatzeko aro berri bat suposatzen du, tumore askotan tratamenduen ezaugarriak aldatu eta hobetuz.

Halaber, Onkologikoak goi-energiako 2 azeleragailu lineal eta 3 gammaganbera izango ditu kardiologia nuklearrerako. CT-PET bat izango du eta kirofano adituak.

Onkologikoak Historia Klinikoa Elektronikoa erabiliko du. Pazienteen informazio guztia dijitalizatua izango da, bai informazio aldetik bai irudien aldetik.

6.- Espezialitaterik izango du?

Onkologiko berriak 7 unitate funtzional ditu, hau da, 7 ezpezialitate: Bularrekoa, Ginekologia, Larruazalekoa, Digestiokoa, ORL (burua, lepoa eta tiroidea), Urologia eta Onkohematologia + Biriketakoa. Unitate guztiak multidiziplinarrak dira, hau da, onkologia-espezialista, kirurgilari, erradiologo, psikologo eta abarrez osatuak. Gaixo bakoitza dagokion unitate funtzionalera esleituko da, eta unitate horrek azterketa egin eta plan terapeutiko osoa eta espezifikoa planteatuko dio.

7.- Prebentzio-tratamendurik eskainiko du?

Minbiziari aurre egiteko erarik onena bere prebentzioa dela kontuan izan da, bere zerbitzuen artean badaude prebentzio-azterketak, enpresa askok —besteak beste kutxak— kontratatuak. Gainera, onkologia-prebentziorako azterketa beste analisi batzuen bidez osatzeko aukera eskainiko du, eta horrela txostena egingo du aurkikuntza klinikoekin eta beharrezko gomendioekin.

8.- Eskatu ahal izango da bigarren iritzi bat?

Diagnostiko baten gaineko beste iritzi bat eskatzea gero eta maizago egiten da minbizi-kasuetan. Eta hori albisteak gaixoen eta ingurukoen artean sortzen duen inpaktuagatik, zaila izaten baita asimilatzea, eta gainera beti ez da nahikoa informazio ematen. Horregatik Onkologikoak badu kontsulta-zerbitzu bat, gero eta balioetsiagoa, gaixoei informazio gehiago eman eta beste mediku batzuen iritzia kontrastatzeko ere aukera ematen duena.

9.- Noiz irekiko da ofiziali Onkologikoa?

2006ko uztailean jarri zen lehengo harria eta ordudanik aurrera egin da bere eraikuntzan. 2007an obra nagusiak egin ziren, lur-mugimenduak, zimenduak jartzea, bunkerraren eraikuntza edo egiturak jasotzea.

2008an fatxadako lanak egin dira, instalazio elektrikoak eta aire girotuarenak ere bai, igogailuak eta beste barne egokitzapen batzuk. Eraikina 2009ko urtarrilaren 16an inauguratu zen. Handik aurrera tresneria eta zerbitzuak aldatuko ziren lekuz. Zentroa zerbitzuak ematen hasi zen 2009ko Ekainean.