Sarrera:
Goiko ekoendoskopia digestiboa
azterketa bat da, ahotik hodi malgu bat sartuz hestegorria,
urdaila eta duodenoa barrutik zuzenean eta horien paretak
eta inguruko egiturak (mediastinoa, pankrea aldea eta behazun-bidea)
ekografia bidez ikusteko aukera ematen duena. Ekoendoskopioa,
bere muturrean ekografia-sistema bat daraman endoskopia-hodi
bat da, eta berari esker barrualdea normal ikusteko eta ingurunea
ekografia bidez ikusteko aukera ematen digu.
Zertarako egiten den:
Aurreko paragrafoan aipatu diren
organoetako tumore onaire eta gaiztoen estadiaje lokala egiteko.
Horretarako, tumorearen sakontasuna, alboko organoetara iritsi
den ala ez, eta tumorearen inguruko gongoilei erasan dien
ala ez aztertzen du.
Lehendik tratatutako tumore berritu
posibleak garaiz detektatzeko egiten da.
Endoskopia eta ekografia bidez
gidatutako ziztada egiten da, horrela lesioetako lagina atera
eta mikroskopioan analizatu ahal izateko.
Prestaketa:
Prestaketa gastroskopiarako egiten
denaren berdina da. Gutxienez 6 bat ordu baraurik egon behar
da, urik ere hartu gabe. Botikaren bat hartu behar baldin
baduzu, ahalik eta ur gutxien hartuz egin beharko duzu, eta
proba egin behar dizun espezialistari esan. Odolaren koagulazioan
alterazioren bat baduzu, edo koagulazioa alteratzen duen botikaren
bat hartzen baduzu, horren jakinaren gainean jarri behar duzu
proba egin aurretik, batez ere lagina lortzeko ziztada egin
behar zaizunean.
Teknika:
Miaketa egiteko, anestesista
batek lo harraraziko dizu eta zu ez zara ezertaz ohartuko.
Lo harrarazi aurretik, plastikozko pita bat jarriko dizute,
zure hortz-haginak babesteko. Aztertu nahi den digestio-bideko
partea arakatzeko, aparatua ahotik sartuz egiten da miaketa,
eta behar izanez gero sartzen da material lagungarria ere
ekoendoskopioaren beraren bitartez. Miaketa hauen denbora
izan daiteke luzeagoa edo laburragoa zer aztertu nahi den
kontu, baina normalean gutxienez 10-15 minutu eta gehienez
2 ordu irauten dute.

Esnatzea:
Familiarteko edo lagunen batekin
etortzea komeni da. Miaketa egin ondoren, hau anestesiarekin
egin baldin bada, denbora pixka bat itxaron beharko duzu ondo
esnatu arte, hau da, anestesistak alta eman eta endoskopiako
unitatetik ateratzen zaren arte. Gero, minutu batzuk itxaron
beharko duzu likido edo janaririk irentsi gabe, gerta liteke-eta
eztarrian trabatzea edo gorakoak izatea, erabilitako anestesien
ondorioz. Hurrengo 24 orduetan ez duzu gidatu behar eta ezta
kontzentrazioa eskatzen duen jarduerarik egin ere. Miaketaren
ondoren, litekeena da ondoez iragankorren bat edo beste sentitzea,
esate baterako, eztarriko mina eta sabeleko mina —gasak
pilatzeagatik—, etab. Normalean ekoendoskopia gehienak
modu anbulatorioan egiten dira.
Arriskuak:
Arriskurik usuena eztarriko mina
eta sabeleko mina izaten dira, arinak eta iragankorrak. Badaude
beste arrisku larriago batzuk, baina oso gutxitan gertatzen
direnak, adibidez, odoljarioa eta hestea zulatzea. Horiek
baino larriagoak, adibidez bihotz-arnasak geratzea eta horrelakoak,
oso noizik eta behin gertatzen dira, eta paziente adinekoetan,
oso larrietan edo egoera kritikoan daudenetan. Nolanahi dela,
pazienteak proba egiteko baimena eman beharko du beti, baimen
informatu bat sinatuz.
|