Teknologia Berriak
  Test mS9, Kolon minbiziaren diagnostiko goiztiarra odol analisian oinarrituta.  

 

Europar Batasunean, urtean 100.000 pertsona hiltzen dira koloneko minbiziaren ondorioz, eta heriotza horien erdiak baino gehiago prebenitu daitezke.


ZERTAN OINARRITZEN DA TESTA?

Odol periferikoan egiten da testa, eta Septina 9 (SEPT9) genearen forma metilatuaren presentzia detektatzen du. Gene horren forma metilatua (mSEPT9) tumore-markatzaile genetiko berria da. Koloneko tumoreen % 90 baino gehiagotan agertzen da, eta ADN libre moduan pasatzen da odolera. Plasman mS9 genea badago, koloneko minbiziarekin lotutako neoformazioren bat egon daitekeela adierazten du horrek. Markatzaile hori oso gutxitan agertzen da beste tumore-mota batzuetan.
Koloneko minbiziaren baheketarako testa odolaren azterketan oinarritzen denez, onarpen handiagoa du herritarren artean, eta jende gehiago animatzen da proba egitera. Baheketa-testa zenbat eta jende gehiagok egin, orduan eta koloneko minbizi-kasu gehiago detektatzen dira hasierako faseetan.


NOLA IDENTIFIKATU DUTE MARKATZAILE HORI?

ADNaren metilazioa prozesu biologiko bat da, geneak aktibatzea edo desaktibatzea helburu duena. Prozesu onkologikoetan, metilazio-aldaketak jasaten dituzten gene asko identifikatu dira. Azken urte hauetan, aldaketa horiek dituzten geneak bilatu dituzte tumore-bankuetan bildutako laginetan.
Hala, SEPT9 genea koloneko minbizien % 90 baino gehiagotan metilatuta dagoela identifikatu zuten. Geroztik, kasu-kontrolen hainbat azterketa egin dira 3.000 paziente baino gehiagorekin, eta koloneko minbizia zuten pazienteen odol-laginen % 90 baino gehiagotan SEPT9 genearen ADN metilatua identifikatu zitekeela ikusi zuten.

NOLA HOBETU ESKURA DAUDEN TEKNIKAK?

mSEPT9 testak % 88,4tik gorako espezifikotasuna eta % 66,7ko sentikortasuna du. Datu horiek askoz hobeak dira gaur egun erabiltzen diren baheketa-teknikenak baino (eginkarietako ezkutuko odolaren identifikazioan oinarritzen dira, metodo immunologikoen bidez edo Guaiaco teknikaren bidez). Beraz, faltsu positibo eta faltsu negatibo gutxiago ateratzen dira. SEPT9 genearen metilazioa prozesu goiztiarra da tumorearen garapenean, eta, ondorioz, baheketa positiboa izaten da baita koloneko minbiziaren hasierako faseetan ere. mSEPT9 genean oinarritutako baheketa-programetan identifikatutako tumoreen % 75 hasierako faseetan egoten dira.
Bestalde, baheketa odol-lagin sinple batetik abiatuz egiten da; hortaz, ez da ebakuntzarik behar, ez eta bigarren bisitarik ere, lagina entregatzeko. Azterketa egiteko ez da prestakuntza berezirik behar: baraurik egin daiteke, baina baita bazkal ostean ere, eta segimendu analitikoko programaren barruan ere txertatu daiteke, beste analisi eta neurketa batzuekin batera. Modu horretan, paziente gehiagok egiten dute baheketa eta tumore gehiago detektatzen dira. Koloneko minbizia detekzio goiztiarra egiteko aukera gehien ematen duen minbizia da, eta, hasierako faseetan, tratamenduari ondoen erantzuten diona.


NORK EGIN DEZAKE PROBA?

Herritar guztiek koloneko minbiziaren baheketa egiteko diseinatuta dago proba, hau da, gaixotasun onkologikoen sintomarik ez dutenek egin dezakete. Europako herrialde gehienetan, badira koloneko minbiziaren baheketa-programak, 50 urtetik gorako gizonezko eta emakumeentzako. Koloneko minbizia izan duten edo gaitzaren arriskua adierazten duen familia-historia duten pertsonek familiako onkologoaren jarraibideak bete behar dituzte. Azterketak ez du kolonoskopia ordezten, eta, oraindik ere, hori da proba diagnostikorik egokiena koloneko minbizia identifikatzeko.

NOLA EGITEN DA PROBA?

15 ml odol ateratzen dira EDTAz hornitutako bi tututan; tutu horiek hozkailuan eduki behar dira, lagina prozesatu arte. Odola atera ondorengo 24 orduetan prozesatzen da lagina. Pazienteak hitzordua eskatu behar du aurrez.
Lagina lortu ondoren, plasmarik gabeko ADNa lortzen da, ekipo automatizatu sofistikatu baten bidez. Segidan, lagina prozesatu egiten da frakzio metilatua egonkortzeko, eta SEPT9 geneari dagokion ADN metilatua anplifikatu egiten da.


EMAITZA POSITIBOA BADA, ZER ESAN NAHI DU?

Emaitza positiboak esan nahi du mSEPT9 genearen presentzia identifikatu dela pazientearen plasman, eta, beraz, beharrezkoa dela kolonoskopia bat egitea.


EMAITZA NEGATIBOA BADA, ZER ESAN NAHI DU?

Emaitza negatiboak esan nahi du ez dela mSEPT9 generik identifikatu. Testaren sentikortasuna % 70 ingurukoa da, eta, beraz, gerta liteke negatibo faltsua izatea
. Emaitza negatiboa jaso eta bi urtera beste proba bat egitea gomendatzen da.