|
AHO - BARUNBEAREN MINBIZIAAREN DIAGNOSTIKO GOIZTIARRA
Institutu
Onkologikoko Otorrinolaringologia eta Aurpegi/Lepoetako Patologiako
Zerbitzua, buruko eta lepoko lesioak (alegia ahoko, faringe
nahiz laringeko mukosetako, eta lepoko eta listu-guruinetako
tumorazioak) tratatzeaz gain, saiatzen da aho-barrunbeko minbiziaren
diagnostiko goiztiarraren gorakada lortzen.
Minbiziaren intzidentziak, oro har, eta airebide
eta digestio-bideetako minbiziaren intzidentziak, bereziki,
gora egin du nabarmen herrialde aurreratuetan, eta hori arazo
kezkagarria da inolako zalantzarik gabe. Gorakada horretan
hainbat faktore dira aipatzeko modukoak: biztanleriaren zahartzea,
aztura toxikoak (tabakoa eta alkohola batik bat), eta biztanleriaren
zati baten ahoko higiene eta kontrol eskasa. Gaur egun, eta
aho-barrunbean kokatzen diren tumoreei bakarrik erreferentzia
egiten badiegu, 12-15 kasu inguru agertzen dira 100.000 biztanle/urteko
gizonezkoetan eta 2-4 kasu, 100.000 biztanle/urteko emakumezkoetan.
Tumore epitelial hauen epe luzeko biziraupen-tasak (apenas
iristen dira % 50era), ez dira funtsean aldatu azken hogei
edo hogeita bost urteotan, tratamenduak hobetzeko egindako
ahalegin eta esfortzu gogorren gainetik. Tratamendu modernoek
ez dute lortu biziraupena hobetzerik; eta aitzitik, kirurgia
erradikalak eta kimioterapia eta/edo erradioterapia bidezko
tratamendu erasokorrek bai gehitu dutela erikortasun fisikoa
eta psikologikoa. Arrazoi nagusietako bat zera da, aho-barrunbeko
minbizien % 60tik gora diagnostikatzen direnerako beren tamaina
bi zentimetroko diametroa baino handiagoa izaten dela; horien
pronostikoa tamaina txikiagoko lesioena baino askoz ere okerragoa
da (izan ere, bi zentimetroz azpiko lesio bat 2-4 cm bitartean
neurtzera pasatzeak, bere egoera edo estadio klinikoa Ietik
IIra pasatzea dakar, eta horrek heren batean murrizten ditu
bost urterako biziraupen-aukerak; bost urteko biziraupen-tasak
lau aldiz handiagoak dira era berean, kasu lokalizatuetan
distantziara metastasiak eman dituzten kasuetan baino).

Beharrezkoa
da, beraz, minbiziak ahalik eta goiztiarren diagnostikatzea,
era horretan errazago sendatu ahal izango baitira. Hala ere,
aho-barrunbeko minbiziak oraindik ere, eta hori oso erraz
diagnostikatzeko modukoak izanik, kontsultetara oso aurreratuak
daudenean etortzen dira. Horrexegatik, lehen esan dugun bezala,
tratamenduak hobetu arren, ez da ikusten aparteko gorakadarik
biziraupeneko tasetan.
Aho-barrunbeko kartzinomak, gorputzeko gainerako
minbizien antzera jokatzen du. Bere zelulak epitelioko zelula
propioetatik eratorriak dira. Zelula kantzerosoek bere hazkundearekin
jarraitu egiten dute, inguruko ehunak infiltratu eta suntsituz,
eta metastasiak eman ditzakete linfa edo odolaren bidez, bigarren
mailako hazkunde tumoralak eraginez beste organo batzuetan
(tumore sekundario horiei metastasi esaten zaie).

Aho-barrunbeko
lesiorik gehienak onaireak dira, baina bere itxura berezia
dela medio, gerta daiteke prozesu gaiztoekin nahastea. Ahoko
kartzinomak, estadio goiztiarretan batik bat, ager daitezke
indurazio edo gogordura, higadura, eritema edo keratosi-area
txiki eta inozente baten moduan. Kartzinoma hauek asintomatiko
jarraitzen dute, ultzeratzen diren arte. Ahoko kartzinometan
agertzen den zeinu-aldakortasuna kontuan hartuta, iritzi kliniko
bikaina eta esperientzia zabala eduki beharra dago, diagnostikoan
akatsik ez egiteko.
Behin baino gehiagotan frogatu eta 1990eko ekainean
Kopenhague-n egindako European Conference on Dentists and
Cancer Prevention delakoan berretsi zen bezala, dentistek
paper garrantzitsua jokatzen dute minbiziaren diagnostiko
goiztiarrean eta prebentzioan, zenbait autorek "prebentzio
sekundario" bezala deitzen diotena eginez. Donostiako
Institutu Onkologikoak 1994. urtetik hasita aho-barrunbeko
minbiziaren prebentzio-kanpaina bat darama aurrera, Euskal
Herriko, eta batez ere Gipuzkoako estomatologiako kontsultekin
lankidetzan. Beharrezkotzat jotzen diren apoio edo laguntzako
kontsulta guztiak egiten ditugu, inolako tramite administratiborik
gabe, kosturik gabe eta ahalik eta denbora-eperik laburrenean.
Orri bat prestatu da, pazienteei buruzko galdera-sail bat
jasotzeko, bete ondoren datu-base informatizatu batean sartzen
dena. Honekin eta programa estatistiko batekin aztertzen dira
aipatu azterketa horiek diagnostiko goiztiarraren gain dituzten
eraginak.
Donostiako Institutu Onkologikotik ere
gustatuko litzaiguke kanpaina honetan parte hartu nahi luketen
beste lankide batzuekin batera aritzea, arrisku altuko pazienteak
bereziki usuak diren eremuetan kontsulta anbulatorioak pasatzen
dituzten fakultatiboekin, adibidez

Lesio neoplasikoen diagnostiko
goiztiarrak dakartzan abantailez gain, aho-barrunbearen azterketa
batek aukera ematen du lesio premaligno edo aurre-gaiztoak
daramatzaten kasuak antzemateko. Hobekien ezagutzen diren
eta definituagoak dauden bi lesio premaligno nagusiak, 50eko
hamarkadatik deskribatuak baitaude, dira leukoplasiak batetik,
ugariagoak, eta eritroplasiak bestetik, ez hain usuak baino
gaiztoagoak, hauek displasikoak edo kartzinomatosoak baitira
ia guztiak. Lesio hauek aldi berekoak izan daitezke, zenbait
kasutan. Liken laua ere ez da ahaztu behar, horren presentziak
areagotu egiten baitu arriskua, gizonezkoetan bezala baita
emakumezkoetan ere. Eta begi-bistakoa da lesio premaligno
hauen presentzia ezagutzen baldin bada horien gain jarduteko
modua dagoela, eta baita aldizka kontrolatzeak edozein aldaketa
gaizto garaiz antzemateko modua emango digula.

|