|
Laser karbonikoarekin edo CO2 laserrarekin egindako tratamenduak
bi aplikazio nagusi ditu gure Zerbitzuan. Aho-barrunbeko lesio
onaire, aurre-gaizto nahiz gaiztoen erauzketa edo lurrinketa
batetik, eta laringeko lesioen tratamendua bestetik. Inork
ez du eztabaidatzen gaur egun CO2 laserraren erabilera bikaina
dela ahoko lesio horiek tratatzeko. Donostiako Institutu Onkologikoan
laurogeiko hamarkadaren hasieran hasi ginen horrelako CO2
laser bat erabiltzen.
Laringeko tumoreen tratamenduak oso eztabaidatua
izaten jarraitzen du oraindik ere. Egin daiteke kirurgia partzial
edo totalaren bidez, kanpo-kirurgia erabiliz edota endoskopia
eta erradioterapiarekin, edota bakarrik, edota modu osagarrian.
Normalean hautatzen diren tratamenduak dira: kirurgia funtzionala
edo erradioterapia, estadio goiztiarren kasuan eta laringektomia
totala kasu oso aurreratuetan. Terapeutika jakin bat aukeratzea
ez da bakarrik tumorearen lokalizazio eta hedapenaren arabera
egingo, baita beste hainbat faktoreren arabera ere, esaterako
pazientearen baldintza orokorrak, talde medikoaren esperientzia
eta tratamenduaren filosofia, eta nola ez, pazientearen erabakia.

70eko hamarkadaren
amaieran hasi zen CO2 laserra erabiltzen laringeko tumoreen
erresekzio edo erauzketan. Eta ordudanik CO2 laserra erabiltzeko
indikazioak gorantz doaz tumore hauen kasuan. Laser kirurgiak
abantaila argi eta garbiak dauzka ohizko kirurgia konbentzionalaren
aldean, nola diren erikortasun eskasa, ez da trakeotomiaren
beharrik egoten, ingresuko egonaldia laburra da, kostu baxua,
etab. Behin mikrokirurgia bidezko erauzketaren aukera onartu
ondoren, teknikaren oinarrizko printzipioa zeru irekiko kirurgiari
eskatzen diogun berbera izango da, hau da, tumorearen erauzketa
osoa eta ehun osasuntsuan.
Laser kirurgiaren beste indikazio edo egokiespen
bat, garrantzi handikoa, airebideak berriro iragazkor bihurtzea
da, hau da barruko argia berriro irekitzea, hori butxatzen
duten tumore eskrezenteen zati bat erauziz, garai batean presaka
egin ohi ziren trakeotomia edo laringektomien alternatiba
gisa. Ahotsa gordetzea eta trakeostomarik ez egitea dira laringektomia
kontserbadoreen justifikazioa. Erreakziozko edema, aritenoideak
estaltzen dituen mukosan batez ere, kasu guztietan gertatzen
den zerbait da. Edema hori gutxitzea eta, beraz, laringea
berriro ere iragazkor bihurtzea modu espontaneoan eta bizkor
samar gertatzen da kasu askotan, baina beste batzuetan, ordea,
prozesu motela eta nahiko irregularra izaten da. Ia paziente
guztiak dekanulatuak izan daitezke, alegia kanula erretiratu
egiten zaie aurreneko hilabetearen barruan. Hala ere, laringoestenosia
gogorra denean edota laringea mugitu ezinik dagoenean, dekanulazioa
ezinezkoa bihurtzen da. Gaur egun, eta CO2 laserraren erabilerari
esker, arazo hau saihestu daiteke, batzuetan saio bat baino
gehiago behar diren arren laringea berriro ere iragazkorra
izatea lortzeko, eta erauzketa zabalagoak egin beharra ere
gerta daiteke, ahots-korden finkapena gertatzen denean. Pronostikoa
okerragotzen duten faktore bezala aipatzen dira: atzerapena
tratamenduaren hasieran (urtebete baino handiagoa), artikulazio
krikoaritenoideoaren mugikortasunik eza, erradioterapiaren
administrazioa eta operazio-osteko infekzioa.


|